XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Talde guztiaren meriatuari esker lortutako urrezko dominen kronika

Benetan urrezkoak dira Olinpiadetan banatzen diren dominak?

Bai, galdera horri eta beste askori sarritan erantzun diote Nagore eta Maiderrek azken bolada honetan.

Ahalegin handien ondoren, belar hockeyko taldeak inor gutxik espero ez zuen garaipena lortu zuen Bartzelona 92en, geroztik asko mintzatu da kirol minoritario horretaz.

Baina jakin badakite Olinpiadetako oihartzuna baretzen denean normaltasunera itzuliko direla, entrenamenduetara eta eguneroko lana egitera alegia.

IZENAK aipatzen hastekotan asko dira belar hockey taldearen garaipenaren atzean aurki daitezkeenak.

Euskal taldeetatik bost neska iritsi ziren Bartzelonako finaletara: Teresa Motos, Silvia Manrique, Mª Carmen Barea, Maider Telleria eta Nagore Gabellanes.

Horiek jasotzen ari dira orain omenaldiak eta zorion agurrak baina kirolari onak ez dira egun batetik bestera sortzen eta neska horiek dagoen canteraren adibide bat besterik ez dira.

Beste asko Bartzelonako podiunera igo gabe gelditu dira baina denen artean, joan eta gelditu direnen artean, lortu dute, kirol horri dagokionez, Gipuzkoak duen maila Estatuko onenetarikoa izatea.

Horretan zer ikusi handia izaten dute entrenatzaileek: Nagore eta Maiderrek, Arantxa, Mari eta Pepo dituzte gogoan.

Ikastola garaian hasi ziren Maider eta Nagore hockeyan jolasten, Zurriola ikastolan lehena, Peporekin, eta Santo Tomas Lizeoan bigarrena, Mari Ayestaran eta Arantxa Urruzunorekin.

Hantxe ikasi zuten stick bat zer den eta zertarako balio duen.

Kirol desberdin bat ezagutzeagatik sartu omen ziren taldean eta astean pare bat aldiz entrenatzera joaten ziren zintzo-zintzo.

Oso ondo pasatzen genuen -dio Maiderrek- 8-9 urtekin hasi ginen lagun talde osoa eta urte dexente iraun dugu.

Orain dela bi urte hasi ziren batzuk ekipotik alde egiten (egun, 19 urte dituzte).

Gehienek ikasketekin jarraitzeko oztopo bat zelako utzi zuten.

Ez da broma, egia esan, egin behar duten lana.

Denboraldia hasten denean egunero entrenatu behar dute, eta normalena da partiduak jokatzeko atzerrira joan behar izatea.

Nik BUPeko bigarren kurtsoa errepikatu nuenean etxean mehatxatu egin zidaten: hockeya utzi behar izango nuela..., dio Nagorek.

Baina mehatxua ez zen bete eta Nagorek bere zaletasunari eutsi zion.

Bi urteko atzerapena daramat baina dena ezin da egin, klase asko galtzen bait dira bidaiengatik, Holanda, Australia, Zelanda Berria, Kuba, Frantzia... herrialde asko ezagutzeko aukera izan dute hockeyari esker, hori eta beste jokalariekin dituzten harreman onak aipatzen dute alderdi onari buruz galdetzean.

Baina alderdi txarrik ere bada.